Gomendatu Inprimatu

Udalak udara pasata hasiko den Astigarragako Ikastolaren handitzea aurkeztu du gaur

[Osteguna, 03 Uztaila 2014 10:57]

Udalak Astigarragako Ikastolaren handitzea aurkeztu du gaur eguerdian. Hona hemen bertan Andoni Gartzia alkateak eta maite Olatziregik esandakoak:

DSC 0552 txiki

Prentsaurrekoaren bideoa:
http://vimeo.com/100090346

ANDONI GARTZIA – Astigarragako alkatea

Aurreko astean aurreratu genizuen bezala, berri on batekin gatoz aste honetan. Ekainaren 26an Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak jakinarazi zuen Astigarragako Udalari Astigarragako Herri Ikastolaren handipenaren 1. faserako eskatutako diru laguntza ematea.

Aurreproiektuan zehaztuta dagoen moduan, handipen osoak 897.000€ko kostua izango du, hala ere, azken proiektua izan arte ezingo ditugu zifra guztiak erabat zehaztu. 1. fasearen kostua, 506.850€ inguruko kostua izango du eta 2. faseak, 390.150€koa. 1. faserako Hezkuntza Sailak 304.100 euro bideratuko ditu, hau da, %60 eta gainontzekoa, 202.740€, Astigarragako Udalak. 1. faserako zenbatekoak dagoeneko aurtengo aurrekontuetan barneratuak daude eta 2. faserako zenbatekoak 2015eko aurrekontuan txertatuko dira. Hala ere, behin exekuzio proiektua izanda, handipen proiektu osoa, bi faseak barneratuko dituena, esleituko da aurten bertan.

Legealdi honetan, Udalak, Hezkuntza Sailarekin batera, ikastolan 1.500.000€ inbertituko ditu, aurreko legegintzan baino 1.000.000€ gehiago. Gainera, Udalak iazko Astigarragako azpiegitura eta zerbitzuen inguruko parte hartze prozesuan Astigartarrekin hartutako konpromisoak proiektu honekin beteko ditu.

Beraz, gaur iragarri dezakegu Astigarragako Herri Ikastolaren behar nagusiak epe luzerako asetuko dituen eraikin berriaren eraikuntza lanak udara pasa eta gero hasiko ditugula.

Hauteskundeetara aurkeztu ginenean, argi azaldu genuen gure lehentasuna: ikastola. Ez dira berriak Astigarragako ikastolak dituen espazio faltaren arazoak, urteetan partxe eta behin-behineko irtenbideekin konpondu direnak baina herriaren hazkunde eta jaiotze tasa altuek arazoa areagotu besterik ez dute egin eta behin-betiko irtenbide baten premia areagotu dute.

Gurasoen, irakasleen, herritarren..., Astigarraga osoaren aldarrikapena izan da Ikastola duin baten beharra eta gobernu talde honen lehentasuna Ikastola izan da legegintzaldi hasiera-hasieratik; beste edozerren gainetik, Astigarragako oinarrizko zerbitzu eta azpiegiturak defendatu eta kalitatezkoak izatea lortzea delako gure helburu.

Onuradun nagusia ikastola izanda ere, badaude ere noski beste onuradun asko. Erabilera anitzetako aretoa egingo da, ikasleez gain, Udalak berak, herritarrek eta herriko beste eragile eta elkarteek erabiltzeko; jangela eraikin berrira pasata, kiroldegian espazio berri bat liberatuko da, herrian dugun espazio faltari aukera berri eta interesgarri bat irekiaz; estalitako gune berri bat ere sortuko dugu herri guztiarentzako.

Honengatik guztiagatik, nola ez, pozik gaude, egindako lanak eta esfortzuak, saria izan dutelako. Baina are zoriontsuago gaude, ibilbidea guraso elkartearekin eta Ikastolako zuzendaritza taldearen elkarlanarekin egin izanagatik.

Astigarragako Udala urteetan kudeatu dutenek ateak itxi dizkiete behin baino gehiagotan ikastolako eragile desberdinei eta hauek eginiko eskaerak erantzun gabe geratu ez direnean, ahaleginak eta bi egin behar izan dituzte Udal entzungorrari mugiarazteko.

Agintari horiek berak dira haurrak modulo prefabrikatuetan ikastera behartu zituztenak edo, gaur egun, estrategia gabe eta inprobisatuz jokatzea egotzi digutenak.

Zorionez, gure inprobisazioei esker, Ikastolaren eraikinaren barruko beharrak asetu dira, jolastokiaren beharrezko handipena burutu da eta Ikastolaren espazio premia konponduko dituen eraikina lortuko dugu, besteak beste. Guztia, aipatutako eragile eta kolektiboekin elkarlanarekin izan dela berriz ere azpimarratuz.

Gainera, oposizioaren aldetik jaso dugun babes eza ere salatu nahiko genuke. Inprobisatzen ari ginela esateaz gain, oposizioko bi alderdiek, aurtengo aurrekontuetako ikastolaren handipenerako partida kritikatu zuten, gure eskumena ez zela argudiatuz. Bestetik, aurreko legegintzaldiko Hezkuntza zinegotziak, pribatuan handipena egokia ikusten zuela onartu arren, publikoki ez zutela babestuko ere helarazi zigun eta gutxi ez balitz, espazio faltaren arazoa ikastola publiko egitea erabaki zuten gurasoei egotzi zien, imagina genitzakeen muga guztiak gaindituz.

Azken momentu arte ez dira gai izan babes publikoa emateko, baina, esan ohi den moduan, “hobe berandu, inoiz ez baino” .

Lorpen oso garrantzitsua izanda ere, ikastolaren ibilbidea ez da hemen amaitzen. Bigarren Hezkuntzarako institutua lortzea da esku artean dugun erronka potoloa eta lehenbailehen eutsi behar zaiona. Dagoeneko, Aldundiaren behin-betiko onarpenaren zain, lur erreserba egina dago eta orain, eraikina errealitate izan dadin lan egiteko unea da.

MAITE OLATZIREGI – Alkateordea eta Hezkuntza zinegotzia

Hezkuntza sailetik ere gure poza azaldu nahi dugu, diru laguntza hau lortuta, eta Udaletik gehituko dugun diru ekarpena medio, urteetako aldarrikapenari erantzuna emango diogulako.

Andonik lehen esan duen bezala, Astigarragako Ikastolaren arazoak aspalditik ezagunak dira, eta herriaren handitzeak eta azken urteetan eman diren jaiotze datu absolutuen gorakadak arazo horiek areagotu ditu. Hezkuntza sailak ikasgela bakoitzean egon daitezkeen umeen ratioa 23n finkatu zuen Haur Hezkuntzan eta 25en Lehen Hezkuntzan. 2014/15 ikasturtean 543 haur daude matrikulatuta Astigarragako ikastolan, eta bi urterekin Haur Hezkuntzan hasiko diren haurrak 69 izango direnez, eta datozen urteetarako aurreikuspenak ildo beretik doazenez, derrigorrezkoa da Astigarragako ikastolan 3. lerroa osotasunean zabaltzea. Gaur egun, Haur hezkuntza osoan eta Lehen Hezkuntzako 2. eta 5 mailetan dago soilik 3. lerroa.

Eskari horri modu egokian, eta kalitatezko hezkuntza azpiegitura eskaini ahal izateko, Astigarragako ikastolak 31 ikasgela behar ditu. Egun 25 gela ditugu eta eraikin berrian egingo diren 6 ikasgelekin espazio beharrak konponduko dira; handitzearen ondoren Astigarragako Ikastolak hain zuzen 31 ikasgela izango dituelako.

Eraikin berriak, hortaz, izango ditu:

- 6 ikasgela berri, orain artekoak baina handixeagoak.

- Lehen hezkuntzako ikasleen Jangela

- Erabilera anitzetako gela (antzerkirako, dantzarako, laborategia...etab.)

- Komunak

Eraikin berria hemen eraikiko da, eraikin zaharrari itsatsita, txikien jolastokian. Bi solairu izango ditu eta ikasgelez gain, herriaren behar batzuei erantzuna ere emango die eraikin hau altxatzeak. Kiroldegiko jangela eraikin berrira pasata lortuko dugu Kiroldegian espazio gehiago izatea astigartarrek bere kirol jarduerak modu egokiagoan egin ahal ditzaten. Erabilera anitzetako aretoak ere oso garrantzitsua izango da ikastolari ekimen ugari aurrera ateratzeko aukerak irekiko dizkielako. Areto hau herriko eragile eta elkarteentzako ere garrantzitsua izango da, gaur egunean gainezka dagoen Kultur Etxeaz aparteko aukera bat zabalduko dielako bere jarduerak garatzeko. Azkenik, txikienen jolasgunearen estalpeari azalera metro gehiago emateko aukera emango digu.

Epeen inguruan hitz eginda, Astigarragako Udalak lan handia egin du proiektua lehenbailehen martxan jarri ahal izateko. Jaurlaritzak diru laguntza emango zuenaren hipotesiarekin jarri dugu martxan aurreproiektu bat, Jaurlaritzaren diru laguntza lortuz gero, epeak laburtu eta urte honetan bertan lanean hasteko helburuarekin. Ikastolak dituen premia larriek horretara behartzen gintuzten. Proiektu definitiboa uztailean prest egotea espero dugu, eta behin hori edukita hitz egin ahal izango dugu lanen kostuen inguruan. gure aurreikuspenak betetzen badira, lehiaketa abuztu/irailean egingo da eta modu horretan lanak hasteko prest geundeke Urrian. Proiektu definitiboak eta lanen hasierak zehaztuko du noiz egongo den erabiltzeko prest eraikin berria. Gure asmoa 2015-2016 ikasturterako ikasleak hartzeko prest egotea da.

Aurrelan batzuk egitea beharrezkoa da eraikuntza lanetan hasi aurretik. Besteak beste txikienen jolastokiko estalkia kendu behar da, lurrak mugitu…etab. Lanen fase `zikinena´da hau, soinu, zikinkeria eta eragozpen handienak sortuko dituena. Horregatik, lan horiek udaran egin nahi ditugu, Ikastolako erabiltzaileei ahalik eta eragozpen txikienak sortzeko.

Azkenik, esan nahi dugu, proiektu honek hainbat eragozpen sortuko dituela datorren ikasturtean eta ikasle, irakasle, guraso eta herritarrei esan nahi diegu ahalik eta eragozpen gutxien sortzen saiatuko garela. Eragozpen horien eragina saihesteko pazientzia dosi handiak beharko ditugu denok baina buruan izan behar dugu beti horiek beharrezkoak direla epe motzean Astigarragak behar duen Ikastola izateko.

Ikastolaren eraikin berriaren planoak

1go solairua 

2014 06 27 ASTIG  ESKOLA AMPLIAZIOA-006 TXIKI

 

2garren solairua 

2014 06 27 ASTIG  ESKOLA AMPLIAZIOA-007 TXIKI

Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Udalak udara pasata hasiko den Astigarragako Ikastolaren handitzea aurkeztu du gaur