Gomendatu Inprimatu

Alokairu sozialak sustatzeko arautegiko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik

[Osteguna, 21 Maiatza 2015 08:51]

Astigarragako Udalak arautegia onartu zuen abenduaren 30ean alokairu sozialak sustatzeko. Astigarragako etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzea da helburua, horrelako etxebizitzen eskaintza areagotzeko asmoz.

Arautegiak, etxe hutsen jabeentzat eta maizterrentzat dirulaguntzak aurreikusten ditu eta guztira 50.000 € bideratuko dira honetarako:

Etxe hutsen jabeentzat:32.000 euro bideratuko dira bere etxe hutsa alokatu nahi duten jabeentzat. Etxean obra egin behar izanez gero, Udalak obraren aurrekontuaren %75a hartuko luke bere gain, 6.000 euroko mugarekin. Etxeak alokatzeko derrigorrezkoa den efizientzia energetikoaren ziurtagiria lortzea eta errenta ordaintzen ez duten maizterrengatik babesteko aseguruaren kontratazioa ere lagunduko luke Udalak plan honi esker. Dirulaguntza horiek jasotzearen ordainetan jabeek muga bat edukiko dute alokairuaren prezioa ezartzerako orduan. Obra egin behar izan den etxeetako alokairua, gehienez, 6 €/m²-koa izan beharko da eta gehienez 500 euroko alokairua izango lukete. Obrarik egin beharko ez balitz, alokairuak, gehienez, 6,5 €/m²-koa izan beharko lukete, eta gehienez, 550 eurokoak.

Maizterrentzat:Diru laguntzen partidaren beste zatia maizterrentzat izango da. Honen bidez bermatuko litzateke alokairu hauetara sarbidea duten astigartarrek bere diru sarreren %30a baina gehiago bideratu behar ez izatea etxearen alokairuarentzako. Alokairu hauetara sarbidea izateko zenbait baldintza beharko dira, batik bat, ekonomikoak.

Udalak bando bitartez jakinarazi die herritarrei dirulaguntza hauen izen ematearen irekiera. Maizterrek ekainaren 16ra arte dute izena emateko epea eta etxe hutsen jabeek azaroaren 30era arte. Eskaerak Udaleko erregistroan aurkeztu behar dira eta informazio gehiago behar izanez gero Hirigintzan eskatu daiteke (943 33 52 41 // hirigintza@astigarraga.net).

Udalaren datuen arabera Astigarragan 100 etxebizitza baina gehiago daude gaur egun hutsik.

Zu hemen zaude: Hasiera Berriak Alokairu sozialak sustatzeko arautegiko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik